ebe 2024
Domaine Haut Carré, Universidad de Burdeos. Foto de grupo EHU Euskampus Bordeaux Eguna, 2024. © Gautier DUFAU
Albisteak

EHU Euskampus Bordeaux Eguna, esponentzialki hasten diren konstelazioak

2024ko EHU Euskampus-Bordeaux Egunak, lehenengo aldiz orain dela 10 urte egin baitzen, 250 lagun inguru bildu ditu urriaren 14an eta 15ean Bordeleko Unibertsitatean (Haut Carré, Talence).

 

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV(EHU) eta Bordeleko Unibertsitatearen (BU) Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu eta EHU Euskampus-Bordeaux Egunarekin ospatu du. Komunitatearen topaketa urriaren 14an eta 15ean egin zen Bordeleko Unibertsitatean (Domaine du Haut Carré, Talence). Urteroko hitzordu honek balio du mugaz gaindiko campusaren testuinguruan (Europan ekimen bakarra da) garatzen diren proiektu eta lankidetza guztiak partekatzeko, ikusarazteko eta balioa emateko, baita lankidetza sareak indartzeko eta zabaltzeko eta kultura, hizkuntza eta diziplina anitzeko kohesioa sustatzeko ere, horiexek baitira mugaz gaindiko campusaren nortasun ezaugarri nagusiak.

ebe2024

Eva Ferreira, Dean Lewis eta Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria © Gautier DUFAU

Topaketaren irekiera saioan, urriaren 14an, 11:30etan, hauexek izan ziren bertan, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Imanol Pradales; Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Goi Mailako hezkuntzako eta Ikerketako presidenteorde arduradun Gérard Blanchard. Halaber, bertan izan ziren, parte hartzen, Euskampus Patronatuko kideak, hala nola, Bordeleko Unibertsitateko presidente Dean Lewis, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreira, Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko zuzendari Ricardo Díez eta Tecnaliako zuzendari nagusi Jesús Valero. Céline Papin zinegotzia ere bertan izan zen Bordeleko udaleko ordezkari gisa.

Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusari buruz

Mugaz Gaindiko Campusaren helburua da ikasleei, irakasleei, ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei irakasteko, ikasteko eta gaitzeko ingurune paregabe bat eskaintzea; Europan liderra izango den ikerketa kooperatiboko gune bat ezartzea, eta, enpresekin, gizarte erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin batera, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako lurralde ekosistemak sustatzea.

Imanol Pradalesek parte hartu zuen topaketaren hasierako ekitaldian, eta adierazi zuen pozik zegoela Euskampus proiektuak eman dituen emaitzekin. Proiektu hau duela 10 urte sortu zen “indarrak batzeko asmoz, partekatzen genituen erronkei erantzuteko. Ikuspegi horri esker, emaitza bikainak lortu dira hezkuntzan, ikerketan, eragileekiko loturan, eta nazioarteko proiekzio eta aintzatespen handiagoa lortu da”, adierazi du Lehendakariak.

Bere aldetik, Eva Ferreirak azpimarratu zuen Bordeleko Unibertsitatearekin egindako aliantza “gure nortasuna osatzen duen elementu bihurtu dela, hezkuntza eta ikerkuntza erakundea garen alderik. Epe luzera begiratzen duen aliantza da. Ez dago epe laburrean bidera daitekeen asmo handiko proiekturik, anbizioaren oinarrietako bat baita ikuspegi zabala, hegaldi garaia, aurrea hartzeko eta planifikatzeko gaitasuna”. 10 urte eta gero, Euskal Herriko unibertsitate publikoko errektorearen iritziz gainditu egin da edozein proiektu finkatzeko eperik kritikoena. “Eta, basamortuko zeharkaldiaren ostean, hazkunde esponentziala heldu da. Gure aliantza estrategikoa dagoeneko ezin egoera hobean dago fruituak ematen jarraitzeko eta fruitu horiek nola biderkatzen diren egiaztatzeko”, adierazi du.

Lehendakariak nabarmendu egin du unibertsitateek jokatzen duten rola. “Unibertsitateek misio bikoitza dute: lankidetzan aritzea eta lankidetza gizarteratzea. Jakin badakigu ezagutza aurreratuaren sorrera unibertsitateko jardueraren funtsezko osagaia dela. Eta badakigu ezagutza hori sortzeko talde lana ezinbestekoa dela”. Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren hitzak dira: “Euskampusek malgutasuna eta dinamismoa ekarri ditu. Era berean, diziplina askotako taldeak lotu ditu, eta proiektu akademiko berritzaileak eta eragin sozial handikoak dinamizatu ditu”. Imanol Pradalesek bide hori indartzearen aldeko apustua egin du, “Europako industriaren eta ekonomiaren susperraldian, zientzian, ikerketan eta ezagutzan aurreratuen dauden eskualdeak izango baitira lotura, garapen eta hazkunde nodoak. Ezin gara atzean geratu. Atlantikoko ardatzaren aldeko gure apustua gidatu behar duen lantza mutur gisa ikusten dut Euskampus”.

Mugaz gaindiko topaketaren 10 urte hauetako ibilbidea erakutsi zuen bideo zirraragarri batek eta campusaren proiektu aktibo esanguratsuenen atzera begirako batek egin zioten sarrera ekitaldiari.

Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Laborategiak, LTCak.

Irekiera ekitaldian, UPV/EHUko eta UBko ikerketako errektoreordeek jendaurrean iragarri zuten Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Laborategi berria. LTC berri hori lehendik zeuden 7 LTCei gehitzen zaie, eta horiexek dira, LTC incubator-en 16 proiektuekin batera (11 + 2024an zehar osatutako bost berriak) Eusko Jaurlaritzak 2021etik sustatutako LTC Sarea osatzen dutenak. LTCek eta LTC incubator-ek askotariko gaiak biltzen dituzte, hala nola fisika eta kimika nanoeskalan, matematika aplikatuak, fabrikazio aurreratu jasangarria, prestazio handiko zementu materialak, gaixotasun neurodegeneratiboak eta horien kormobilitatea, fotonika eta gure itsasoetako kutsadura, besteak beste.

CannaMetHD Mugaz Gaindiko Lankidetzarako zortzigarren Laborategi honek (LTC), neurozientzien esparruan, UPV/EHUko ikerlari Susana Mato eta UBko ikertzaile Giovanni Marsicano ditu zuzendari. “Helburu nagusia da kanabinoide konposatuen eragin bioenergetikoari buruzko gaur egungo ezagutza zabaltzea, glia zelulei eta horiek garunaren funtzionamenduan duten eraginari dagokienez. Proiektu hau UPV/EHUko 5 laborategiren eta garuneko sistema endokannabinoidearen azterketan adituak diren Bordeleko Unibertsitatearen arteko lankidetza luzearen emaitza da, eta gaixotasun neurologikoak tratatzeko agente terapeutiko berriak aurkitzea ahalbidetuko du. CannaMetHD partzuergoak kolaboratzaile sare garrantzitsua du esparru akademikoan, klinikoan eta bioteknologikoan, eta finkatu egiten du neurozientziaren arloko ikerketaren eta goi mailako hezkuntzaren aldeko mugaz gaindiko apustua, ikerketa eta hezkuntza baitira Euskal Herriko eta Akitaniako eskualdeko ekosisteman osasuna hobetzeko eta zahartze osasuntsua izateko funtsezko oinarriak”, azaldu du Susana Mato ikertzaileak.

Proiektuak lankidetzan

Mugaz gaindiko campus honen lorpenen artean, azpimarratzekoa da berrikuntza pedagogikoko mugaz gaindiko komunitatearen sorrera Ocean i3 eta EmpacT i3 proiektuen bidez. Bi proiektu horiek batera finantzatzen ditu POCTEFA programak, eta bi unibertsitateetako 50 irakasle bildu ditu. Gainera, 16 diziplinatako ikasleek 140 proiektu baino gehiago garatu dituzte mugaz gaindiko 25 agenterekin lankidetzan. Aldi berean, Challenge Based Education (CBE i3lab) Laborategi Iraunkorra sortu da, 50 tesi defendatu dira kotutoretzan eta gaur egun beste 20 gehiago daude abian. Era berean, COFUND europar programaren ADAGIO proiektua garatzen ari da. Proiektu horrekin, elkarrekin ikuskatutako doktoratu ondoko 15 ikertzaile finantzatzen dira fabrikazio aurreratuaren arloan.

Azkenik, Misioak programaren aurrerapena ere partekatu zen: mugaz gaindiko 7 proiekturekin, ENLIGHTren esparruko 4 proiekturekin, seed-funding mekanismoaren pean, eta 7 proiektu, Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa Euroeskualdeak kofinantzatutako 7 proiekturekin. Eta bi unibertsitateek Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen Programaren sorrera bultzatu eta gidatu dute, Euroeskualdeko beste unibertsitate publiko batzuekin batera.

Arratsaldez azken 10 urteetako atzera begirako interaktibo bat egin zen protagonistetako batzuek aurkeztutako proiektu enblematiko batzuekin ilustratuz. Proiektu horien artean daude master titulazio bikoitzak, tutoretzapeko postdokak erakartzeko cofund proiektua, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroak, Ocean i3 eta EmpacT i3 berrikuntza pedagogikoko proiektuak, eta ENLIGHT Aliantza. Jardunaldia amaitzeko, mahai inguru bat egin zen. Bertan, Iñaki Gorizelaia, Nekane Balluerka eta Manuel Tuñon de Lara errektore ohiek, campuseko lehen urteetako protagonistek, hasiera-hasieratik Euskampus Fundazioko zuzendari nagusi den Igor Campillorekin hausnartu zuten proiektu partekatu horren ibilbideari buruz.

 

ebe2024

Igor Campillo, Euskampus Fundazioko zuzendari nagusia, Mugaz Gaindiko Campusaren atzera begirakoan. © Gautier DUFAU

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Biharamunean, urriaren 15ean, goizez, “Nire zeharkaldia Euskampus-Bordeaux Campusen barrena 173 segundotan, MT173” jarduerak aukera eman zien hautatutako pertsonei Euskampuseko erakundeen arteko lankidetzen esparruan garatzen ari diren edo garatu duten proiektua edo ekimena 173 (Bordele eta Bilbo arteko distantzia itsas milietan) segundotan aurkezteko. Jarraian, Unibertsitatearen eta lurraldearen arteko loturari buruzko ekimen enblematikoenetan jarri zen arreta. Ekimen horietan UB eta UPV/EHU funtsezko rol erabakigarria jokatzen ari dira, hala nola Basque Quantum – BasQ Euskadin eta Naquidis Akitania Berrian.

Era berean, Euskampuseko zuzendari alboko Jordi Campásen eta UPV/EHUko ikertzaile Tania Huedoren eskutik, ONKO-ON misioa aurkeztu zen lehen aldiz jendaurrean. Euskampus Fundazioak sustatutako lankidetza ekimena da, minbiziarekin bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko unibertsitateen, ikerketa zentroen, pazienteen, gizarte erakundeen eta osasunean eta gizarte ekintzan erantzukizuna duten administrazio publikoen elkarlan handieneko ikuspegiaren bidez. Era berean, bi unibertsitateak Mugaz Gaindiko Campuseko "Prestakuntza eta enplegagarritasuna" ardatzari ematen ari zaizkion bultzada nabarmendu nahi da. Ardatz honek lankidetza ekintza bateratuak ditu gida, bi unibertsitateetako ikasleen enplegagarritasuna eta ekintzailetza sustatzeko mugaz gaindiko lurraldean, eta datozen urteetarako Campusa garatzeko lehentasunetako bat da.

Bi egunetan eraikineko klaustroan antolatutako 43 poster zientifikoren erakusketa egon zen ikusgai. Ikertzaile gazteek eta beteranoek gidatutako proiektu sorta, ikerketaren aurrerabidea eta diziplina askoren arteko lankidetzan oinarritutako berrikuntza agerian uzten zituena.

 

ebe2024

EHU Euskampus-Bordeaux Eguneko parte hartzaileak posterren erakusketan. © Gautier DUFAU

 

Ikusi hemen posterren katalogo digitala.

 

Mugaz gaindiko campusak 110.000 ikasle ditu, 9.000 kide irakasle eta ikertzaileen artean, eta 5.000 teknikari kudeaketa, administrazio eta zerbitzuetan.

 

 

Musika, dantza, hizkuntzak.

Topaketari amaiera emateko Mitologia Txikiak interpretatu zituen BILAKA dantzari eta musikari talde baionarrak. Talde horren xedea da musika sustatzea eta dantza garatzea, euskal dantzen sustraietan barrena ibiliz ikuspuntu abangoardista batetik. Bi dantzarik eta alboka batek pertsonaia arrotz batzuei, liluragarriak bezain kezkagarriak, bizia eman zieten, in crescendo erritmoan, ikus-entzuleak erne eduki zituztela soinuz eta kolorez betetako azken amaiera arte.

BILAKA EBEBILAKA dantzariak @Gautier DUFAU 

 

 

 

Aipatzekoa da ekitaldiaren formatu laueleduna, tokiko hiru hizkuntzen (euskara, frantsesa eta gaztelania) aldi bereko interpretazioarekin. Ingelesa, lingua franca gisa, ez da itzultzen, mugaz gaindiko campusean ohi den bezala. Aurkezleek eta parte hartzaileek hizkuntzak txandakatu zituztenez, topaketa malgua eta irekia izan zen, hizkuntzen arteko harremanak ez zuen hizkuntzen arteko gatazkarik sortu, eta, beraz, hizkuntza aniztasunari buruzko kontzientzia eta Europa plural honen Espiritu inklusiboa indartzen lagundu zuen.

Euskampus-Bordeaux campusari buruzko informazio gehiago.

Sartu hemen argazkiak ikusteko.

Sakatu hau ekitaldiaren REELa ikusteko.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.