Pasa den urriaren 30an, urteroko hitzordu handia izan zen, non Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko campusak eta haren jakintza guneek –erronka zientifiko, teknologiko eta sozial handietara bideratutako punta-puntako ikerketan aritu ziren– erdietsitako azken lorpenak eta aurrerapenak aurkeztu eta jakinarazi ziren. Lehenengo aldiz, online egin da ekitaldia, osasun egoera dela-eta, eta arrakastatsua izan da.
Datorren urtean mugaz gaindiko campusaren hamargarren urteurrena ospatuko duenaren aurretiko Euskampus-Bordeaux Eguna izeneko ekitaldi hau Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko presidenteak itxi dute, beste hauek lagunduta: Ricardo Diez DIPCko zuzendariak, Iñaki San Sebastián Tecnaliako zuzendariak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Mathieu Bergé Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko ordezkariak.
Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak topaketa honen garrantzia azpimarratu du, eta antolatzaileak zoriondu ditu formatu berri batean ondo garatzeagatik: “Lehenengo aldiz online egin dugu jardunaldi hau, baina arrakasta erabatekoa izan da. Euskampus-Bordeaux Eguna erakundeen, entitateen, ikerketa taldeen eta proiektu komun honetan konprometituta gauden pertsona guztien arteko topaketa eta elkarlan eguna da. Eta horren erakusgarri dira Euskampus Resiliencia programaren bidez COVID19aren aurka bultzatu ditugun bederatzi proiektuak”.
Horietan guztietan, UPV/EHUko, Bordeleko Unibertsitateko, Tecnaliako eta DIPCko hainbat ikertzaile ari dira elkarlanean, eta inpaktu zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta soziala izateko potentzial handia dute, lantzen dituzten gaiak direla eta: diagnostiko eta pronostiko fidagarriak; prebentzio eta tratamendu eraginkorrak; kutsaduren jarraipena eta trazabilitatea; mehatxu biologikoen aurkako babesa eta ekipamendua; eta krisi honi eta etorkizunean etor daitezkeenei aurrea hartzea eta horiek garaitzea.
“Lehenengo aldiz online egin dugu jardunaldi hau, baina arrakasta erabatekoa izan da. Euskampus-Bordeaux Eguna erakundeen, entitateen, ikerketa taldeen eta proiektu komun honetan konprometituta gauden pertsona guztien arteko topaketa eta elkarlan eguna da. Eta horren erakusgarri dira Euskampus Resiliencia programaren bidez COVID19aren aurka bultzatu ditugun bederatzi proiektuak”.
Bestalde, Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko presidenteak ekimenaren garapenagatiko poza: erakutsi du “Mugaz gaindiko proiektu hau zerbait handiago bihurtzen ari da, eta beste Euskampus-Bordeaux egun bat ospatzeak horixe erakusten du. Geure burua zoriondu ahal dugu lortutakoagatik, eta are gehiago orain, ENLIGHT unibertsitateen konsortzioan parte hartzen dugula. Unibertsitatearen denborazko eskala pertsonen bizitzena baino haratago doa. Eta uste dut garatzen ari garen proiektu hau itzulezina da, hitzaren esanahirik hoberenean”.
Jokin Bildarratz sailburuaren iritziz, “Bordeleren eta Euskadiren arteko elkarlan luze eta estuak, aliantza honen oinarrian dagoenak, beharrezko konfiantza sortu du, ekimen egituratuak, sakonak eta jarraitzeko bokazioa dutenak egiteko. Espazio komun bateko kide izatearen sentimendua sendotzea ez da lan erraza; jarduera kohesionatzaileak artikulatzea eskatzen du, eta, aldi berean, eragileentzat garrantzitsuak direnak. Ildo horretan, ekitaldi hau beharrezkoa da, hainbat eragile bateratzea lortzen baitu, baita bikaintasun akademiko eta zientifikoko bi poloren potentziala identifikatu eta ahalik eta gehien aprobetxatzea ere. Horrela, beren funtzioak modu isolatuan garatu beharrean, ahalegin handia egiten dute beren lankidetza estutzeko”.
Ikerketa kooperatiboa bultzatzeko eta Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrua eraldatzen laguntzeko helburuekin sortu zen, duela ia hamar urte, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak, DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Tecnaliaren laguntzaz, sustatutako aliantza.
Euskampus-Bordeaux campusak zementu berdean munduko lider izango den mugaz gaindiko laborategi berri bat bultzatuko du
Ikerketa kooperatiboaren esparruan, aurten apustua indartu egin da, mugaz gaindiko lankidetza laborategi (MLL) berri bat sortuz, Green Concrete MLL, hormigoia eta zementu oinarria duten material jasangarriagoak ekoizteko prozesuen zientziara eta garapenera zuzendua.
MLLak Euskadiko eta Akitania Berriko zenbait erakundetako lantaldeak elkartzen dituzten nazioarteko egitura bateratuak dira eta lau urterako definitutako jarduketa programa egonkor bat dute: lankidetzako ikerketa proiektuak, tutoretza bateratuko tesiak, ikertzaileen egonaldiak, graduondoko prestakuntzaren sustapena, etab.
Green Concrete MLLk ikertzaile masa handia dauka. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, UPV/EHUko, Tecnaliako, CSIC-UPV/EHU Materialen Fisika Zentroko eta Polymat eta Materials Physics Center BERC guneetakoak; eta, bestetik, Bordeleri dagokionez, modu mistoan Bordeleko Unibertsitatearenak, Goi Mailako Ikerketa Zentro Nazionalarenak (CNRS) eta Bordeleko Eskola Politeknikoa-Bordeaux INPrenak diren Zientzia Molekularren Institutukoak, Materia Kondentsatuaren Kimika Institutukoak eta Mekanika eta Ingeniaritza Institutukoak. Green Concrete MLLren ikerketa jardueraren ardatza erronka global handi bati erantzun lokala-mugaz gaindikoa ematea da, izan ere, CO2 emisio globalen % 10 zementuak ekoiztearekin lotuta daude. Green Concrete MLLren asmoa hormigoiaren eta zementuan oinarritutako material jasangarrien ekoizpenaren zientzian eta teknologian munduko erreferentzia bihurtzea da. Ikerketa ildoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: zementua ekoizteko prozesu berriak, zementutik eratorritako konposatuen hidratazioaren eta ontzearen azterketa, hala nola ontze prozesu horietan nanoadizioen erabilerak duen inpaktuarena, eta zementu berriekin egindako hormigoien zerbitzu errendimendua optimizatzea erresistentzia mekanikoari, propietate termikoei, energia metaketari, iraunkortasunari eta bizi zikloari dagokienez.
MLL berria aurretik zeuden hiruei gehituko zaie: AENIGME, ekoizpen jasangarri aurreratuari buruzkoa; QuantumChemPhys, eskala kuantikoko kimika eta fisika teorikoari buruzkoa; eta TRANSMATH, matematikei eta horien aplikazioei buruzkoa.
Euskampus Bordeaux Eguna Urte Nagusia 2021 aurkezpena
2020-2021 ikasturtea urte handia da Euskampus Bordeleko komunitatearentzat, eta gure elkarlanaren historiako 4 mugarri nagusiren 10. urteurrena ospatzen dugu:
- UPV/EHUko Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren hautaketa, Tecnalia eta DIPCrekin batera,
- Bordeleko Unibertsitateko (UB) Bikaintasun Ekimenaren proiektuaren hautaketa IdEx Bordeaux bazkideekin
- Euskampus Fundazioaren sorrera, UPV/EHU – Tecnalia- DI aliantzaren tresna katalizatzailea
- Eta, ondorio gisa, Euskampus Bordele euroeskualdeko campusaren hasiera,
10 urte horietan aurrerapen handiak egin dira, eta emaitza zehatzak lortu dira, komunitate indartsu baten inplikazioari esker. Komunitate hori hazi egin da denborarekin, eta hainbat ekimen eta proiektutan biltzen ditu ikertzaileak, irakasleak, ikasleak, administrazio-langileak eta lurralde-eragileak).
Berritzeko espiritu horrekin, joan den urriaren 30eko topaketa gure "txupinazoa" izan da, datorren ekainera arte garatuko dugun ospakizun eta jarduera aldi bati hasiera emateko botatzen dugun suziria.
Gure 10 urteak ospatzeko, gure Euskampus Bordeaux Eguneko topagunea aldatuko dugu, eta osasun baldintzek uzten badigute, ekainean Bilbon izango gara, 2021ean, gure proiektuak eta lorpenak berriro partekatzeko.
Euskampus Bordeaux Egunari buruzko informazio gehiago hemen.
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu