Foto de familia. Fernando Gómez Larrea, UPV/EHU
Albisteak

Euskampus Bordeaux Eguna 2023, lehen aldiz Bilbon, bertaratze errekorra

Euskampus Bordeaux Eguna ospatu da UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolan, 2023ko Azaroaren 13 eta 14an.

 

Euskampus Bordeaux Eguna urteroko hitzordua da, UPV/EHU, Bordeleko Unibertsitatea, DIPC zentroa eta Tecnaliaren arteko Aliantza estrategikoaren barruan garatzen diren proiektu eta lankidetzak partekatzeko, ezagutarazteko eta haiei balioa emateko egiten dena; aliantza horren barruan sartzen dira, gainera, egitasmoaren gainerako erakunde kolaboratzaileak ere.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak, Dean Lewis Bordeleko Unibertsitateko lehendakariak, Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak, Javier Aizpurua DIPC zentroaren ordezkariak, Adolfo Morais Hezkuntza Saileko unibertsitate eta ikerkuntzako sailburuordeak –Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria– eta Arola Urdangarin Akitania berria-Euskadi-Nafarroa Lurralde Lankidetzarako Europako Taldeko zuzendariak –Akitania Berriko eskualde kontseiluaren ordezkari– hartu zuten parte irekiera ekitaldian.

Baita Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Pierre Hurmic Bordeleko alkateak ere. Lehendabiziko aldiz egin zen topaketa Bilbon, eta Unibertsitaterako bereziak diren bi bazkide izan ziren protagonista: Bilbo eta Bordele hiriak. Bi hiri horietako alkateek haien arteko senidetze hitzarmena berretsi zuten arratsaldean. Udaletako lantaldeek zeregin aktiboa jokatu zuten trantsizioen inguruko tailer kolaboratiboan; astelehenean izan zen hori, azaroak 13, ekitaldia egin zen egoitzan bertan.

Ekitaldia eleanitza izan da, horixe baita Euskampus-Bordeaux komunitatearen ezaugarri nagusietako bat, eta elkarri eragiteko aukera eman zitzaien izena eman zuten 350 laguni baino gehiagori –marka guztiak hautsi ditugu bederatzigarren edizio honetan–, elkar hobeto ezagutzeko, harreman pertsonal eta profesional sendoetan oinarritutako lankidetza sareak ehuntzen jarraitzeko eta, akademiaz haratago, komunitatea hedatzen jarraitzeko helburuz, batez ere ikasle eta eragile sozioekonomiko gehiago hartuz.

Estudiantes asistentes al Euskampus Bordeaux Eguna
Ikasleak, Euskampus Bordeaux Egunean. Foto Fernando Gómez Larrea.

Euskadi eta Akitania Berriko 80 ikasle (gradu, master eta doktoregoetako ikasleak) eta unibertsitatekoak ez diren beste erakunde publiko eta pribatu batzuetako 25 ordezkari baino gehiagok hartu zuten parte aurten modu aktiboan. Iaz Bordelen egin zen edizioaren ildo beretik, arreta berezia eskaini zitzaion partehartzaile guztien arteko interakzioa eta partehartze aktiboa sustatzeari, osoko saioak eta topaketa informalez zipriztindutako baterako sorkuntzako tailerrak tartekatuko zituen egitarau batean, topaketa hausnarketa partekaturako espazio bat izan zedin, kohesio sozial kulturaniztuna, eleaniztuna eta diziplina anitzekoa sustatuz, gure mugaz gaindiko Euroeskualdeko eta nazioarteko testuinguruan lankidetzaren oinarrizko osagaiak direnak.

Azaroaren 13ko irekiera ekitaldian, pasa den urtean LTC Sareak erdietsitako lorpenak nabarmendu ziren; sare hori Mugaz Gaindiko Lankidetzarako sei Laborategik (LTC) eta LTC inkubagailuk osatzen dute, unibertsitate biek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta finantzatuta. Jarraian, hautatutako LTC berriaren berri eman zuten jendaurrean  Nathalie Sans, Bordeleko Unibertsitateko Ikerkuntzaren arloko errektoreordeak  eta Guillermo Quindos UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren errektoreordeak , eta, ondoren, LTC horren liderrek Miren Cajareville katedradunak eta Jerome Cacho ikerlariak aurkezpena egin zuten.

LTC berriak AquEus izena du, eta Bizkaiko Golkoan mikroplastikoek eta nanoplastikoek, bioplastikoak barne, ingurumenean izan ditzaketen arriskuak aztertuko ditu. Laborategi honetan, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko launa ikerketa-taldek hartzen dute parte, Miren Cajaraville UPV/EHUko katedradunak eta Jérôme Cachot Bordeleko Unibertsitateko irakasleak zuzenduta. “Hurrengo lau urteetan, ingurumeneko mikro eta nanoplastikoen arazoari buruzko esperimentu eta analisi berriak egingo ditugu. Zortzi talde horietako batzuk elkarlanean ari ginen, baina LTCk harreman estuagoa eta onuragarriagoa ahalbidetuko digu, bai ikerkuntzan bai prestakuntzan”, azaldu du Cajaravillek. AquEus-ekin zazpi dira Mugaz Gaindiko Campusak sortutako LTCak.

Irekierako ekitaldian, UPV/EHUko errektoreak eta Bordeleko Unibertsitateko lehendakariak berretsi egin zuten haien arteko aliantza, bi unibertsitateen artean esparru akordio berria sinatuta, 2018az geroztik indarrean dagoen akordiotik abiatuta; hitzarmen horrek, 2023-2027 aldirako ibilbide orri operatibo berria ere jasotzen du.

Diziplina anitzeko tailer kolaboratiboa: “Gure lurraldeetako trantsizioei erantzun kolektiboak: proiektuak eta ekimenak partekatuz”  espazioan, modu kolektiboan lan egingo dute ikertzaileek, ikasleek, administrazioko langileek, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko, Eusko Jaurlaritzako, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko, Bilbo eta Bordeleko udaletako, Communauté d’Agglomération Pays Basqueko, Bihartean mugaz gaindiko Merkataritza Ganberako, Gaia Klusterreko eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuetako ordezkariek, Euskampus Bordele komunitatearen kultura, hizkuntza, instituzio eta diziplina aniztasunetik, hiru trantsizio horiek (Digitalak eta Teknologikoak, Energetikoak eta Klimatikoak) Ardatz Atlantikoaren esparruan dakarten erronkari buruzko ikuspegi partekatua sortzen laguntzeko, Euskadiko eta Akitaniako kostaldeari balioa emanez.

“Aboard Euskampus Bordeaux Campus” jarduerak aukera eman zien hautatutako 14 proiekturi, 173 segundotan (Bilbo eta Bordelen arteko distantzia itsas miliatan) aurkez dezaten Euskampus erakundeen arteko lankidetzen barruan garatzen ari diren edo garatu duten proiektua edo ekimena, arreta berezia jarriz esperientziaren alderdiari. Gutxienez 18 pertsonak (bakarka edo binaka), ikertzaileek, lizentziatura eta doktoregoko ikasleek eta administrariek aurkeztu zituzten beren master, lizentziatura, tesi, doktoratu ondoko eta praktiketako lanak, ikerketa-proiektuak, mugaz gaindiko udako ikastaroetan parte hartu izana, prestakuntza-programak edo alor eta diziplina ugaritako lankidetza-proiektu instituzionalak, Euskampus Bordeaux campusean hedatutako ekimen horietan izandako esperientziak nabarmenduz.

Pitch horien ondoren, Euskampus aliantzako beste proiektu enblematiko batzuk aurkeztu zituzten osoko saio batean: lehenik eta behin, UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolak unibertsitatearen eta enpresa munduaren arteko lankidetza ondoen irudikatzen duten bi proiektu aurkeztu zituen: Bisky Team eta Formula Student; Charles Pinto Eskolako zuzendariak aurkeztu zituen.

Halaber, ENLIGHT Unibertsitateen Europako Aliantzaren aurrerapenak ezagutu genituen. 10 unibertsitatek osatzen dute aliantza hori, tartean UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak. Lehenik eta behin, Joint Research Lab in Artificial Intelligence, JRL-A2I proiektua, Javier del Ser jaunaren eskutik, eta ondoren, unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzaren proiektu adierazgarrienetako bi, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, UPV/EHU Bisky Team-en eta Formula Student-en, Charles Pintok aurkeztuta, eta, ondoren, UBko VBHI (Gaixotasun Zerebrobaskularren Institutua), Nathalie Sansek aurkeztuta, eta, azkenik, ENLIGHT Unibertsitateen Europako Aliantza, 10 unibertsitatek osatua, horien artean UPV/EHU eta UB, 2. faseko ildo nagusiak Fernando Tapiak eta Joanne Pagèzek aurkeztuta.

Aurten, inprobisatutako edo interesatuek aurrez planifikatutako hainbat formatuko eta askotariko gaiak jorratzeko batzarretarako uneak eta espazioak izan zituen Euskampus Bordeaux Egunak, elkarri eragiteko eta lankidetzarako sareak ehuntzen jarraitzeko.

Nabarmentzekoa da edizio honetan bisita gidatu orijinalak egiteko aukera ere egongo dela; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskainiko dituzte:

  • Euskalduna Jauregia: Bilboko operari beste begirada bat. Jauregiaren backstagea ezagutu genuen, hango zoko guztiak, eta opera bat nola muntatzen den ikusi. Ondoren, 2023-2024 denboraldiaren barruan ABAOk eskainiko duen G. Donizettiren L’elisir d’amore operaren lehenengo ekitaldiaren entsegu bat ikusteko aukera izan genuen, ateak itxita.
  • Zorrotzaurreko uhartea: begirada alternatiboa Bilbo berroneratzeko operazio handi horri. Etengabe eraldatzen ari den hiri eferbeszente bat nola birsortzen den ikusi genuen bisita horretan. Bisita informala eta kolokiala izango da, eta Zorrotzaurreko uhartearen iragana, oraina eta etorkizuna azalduko digute, hirigintzari dagokionez
  • UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskola: “project based learning” ekimenen panorama. Eskolaren hiru proiektu enblematikori buruzko xehetasunak ezagutu ahal izan genituen: Formula Student Bizkaia, Bisky Team eta MotoStudent.

Azkenik, artearen inguruko proposamen berria emango da ezagutzera edizio honetan “TransfrontArt” erakusketarekin; 45 lan jarri dira ikusgai, ikerkuntzaren eta administrazioaren arloetako komunitateak eta bi unibertsitateetako gradu, diziplina eta horizonte ezberdinetako ikasleen komunitateak egindakoak (Arte Ederrak, ozeanografia, neurozientziak, euskara, matematikak, etab.). Pinturaren, eskulturaren, arte grafikoaren eta poesiaren bitartez, egileek –zaleak zein artista ezagunak– mugaz gaindiko lankidetzaren eta trantsizioen erronken inguruan –tailer parte hartzaileetako gaiak– duten ikuspegia azaldu zuten.

Ekimen honekin, diziplinen arteko mugak eta askotariko lerrokatzeak hautsi nahi dira, eta animatzen gaituzten eta kezka eragiten diguten gaiei buruzko bestelako begirada bat eskaini. Euskampus Bordeaux komunitatea osatzen duten pertsonek askotariko ikuspegiak dituzte, eta TransfrontART erakusketan erakutsiko diren kezka ugari dute. Arteak ez du mugarik. Komunitate hori osatzen duten pertsonen gaitasun sortzaileak moldeak hausten ditu eta erakusten du ikerkuntza pasio gisa bizi izateak eta artearekin eta sormenarekin uztartzeak identitate anizkuna izatea esan nahi duela; era horretan, mugaz gaindiko lankidetza horren baitan diziplina anitz batzen dela berresten da. 

Amaitzeko, ikusleek UPV/EHUko abesbatzaz gozatu zuten, oraingo honetan Aitor Biain Bidartek zuzendutako 31 ahotsek amaiera musikal bat eman zioten mugaz gaindiko bilera honi. Asociación Bilbaína de Amigos de la Ópera (A.B.A.O.) eta Teatro Arriaga antzezlanekin kolaboratu du abesbatzak. Interpretatzen zituzten piezek errepertorio ezberdin bat erakutsi zuten, euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta Swahiliz abestiekin. Oroigarri bikaina parte-hartzaileentzat, horiek berriro ere bilduko dira datorren urtean 2024an, Bordelen.

Ikusi hemen argazki bilduma.

Ikusi hemen TransfrontART katalogo digitala.

Gehiago 2023ko Euskampus Bordeaux Egunari buruz.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.