- Bloga
Euskampus Fundazioaren 10. urteurrena: “Horren urrun iritsi bagara, erraldoien sorbalden gainean ibili garelako izan da”
Uztailaren 16an, Donostian, Euskampus Fundazioaren 10. urteurrena ospatu zen, fundazioan parte hartu duen pertsona kopuru handi bat bildurik: sortzaileak, Patronatuko kideak, Unitate Autonomoetako zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta talde operatiboa. Atzerantz eta etorkizunerantz begiratzeko ekitaldi bat izan zen: atzerantz, hamarkada aberats honetan eginiko bideaz eta lorturikoaz jabetzeko; eta etorkizunerantz, 2030era arte indarrean egongo den plan estrategikoa onartzeko.
Jardunaldian, behin eta berriz aipatu zen Ricardo Díez DIPCeko zuzendari nagusiak bere garaian erabili zuen esapide bat: horren urrun iritsi bagara, erraldoien sorbalden gainean ibili garelako izan da. Eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen inplikazio bereziagatik eta hamarkada honetan eman duzuen eta hurrengoan ere emango duzuen laguntzagatik
Eva Ferreira, ekitaldi hasieran
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eta Euskampus Fundazioko buruak ekitaldia ireki zuen, eta eskerrak eskerrak eman zizkien bertaratzeagatik Patronatuko ordezkariei, Unitate Autonomoetako zuzendariei, Eusko Jaurlaritzako ordezkariei, talde operatiboari eta gainerako gonbidatuei..
Gogoratu zuen nola sortu zen egitasmoa, UPV/EHUk, DIPCek eta Tecnaliak 2011n eginiko apustu batetik. Gero, 2012an, bat egin zuten proiektuarekin Ormazabal eta CAF enpresek eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak, Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren egitasmoa hedatzeko helburuaz.
2017an, Bordeleko Unibertsitatea gehitu zitzaion ofizialki proiektuari (hasieratik ohorezko kide gisa aritu bazen ere; bereziki, Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa martxan jarri zenez geroztik). Unibertsitate hori funtsezkoa izan da elementu “konektore” gisa EAEren eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen testuinguruan, azken hori Euskampusen beste euskarri leialetako bat izanik. Ez alferrik, errektoreak haren zeregina aitortu zuen ezagutzaren ekonomiaren ardatz gisa.
Apustuak bilakaera bat izan du, eta, gaur egun, bi unibertsitateak, Euskampusen baitan pazientziaz jositako beren aliantza estrategikori esker, batera doaz ENLIGTH Europako unibertsitateen sarearen ontzian.
Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua (ezkerretik hirugarrena), Euskampus Fundazioaren Patronatoarekin.
Teseoren ontziaren paradoxa eta hamarkadako lorpenak
Beste itsasontzi bat ere aipatu zen, Teseoren itsasontzia. Igor Campillok paradoxa hau erabili zuen bilakaera bat duen elkarlan bat ilustratzeko metafora gisa, pertsonen eta taldeen eraldaketa eta egokitzapena, helburu bera bete nahi dutenak eta beren misioan eta ikuspegian lerrokaturik jarraitzen dutenak, oinarritzat harturik beren Aliantzaren bidez partekatutako nortasuna.
Euskampus Fundazioaren zuzendariak nabarmendu zuenez, Euskampusek Euskadin duen posizionamendu egokia, baita Bordelen eta ENLIGHT osoan ere, Patronatuko erakundeei zor zaie, eta, batez ere, Euskampuseko talde operatiboak egunez egun egin duen lanari. Taldea 12 pertsonak osatzen dute, eta beste 9 lagunen inplikazioa izan du hamar urte hauetan. Horiei guztiei esker, Euskampus “den bezalakoa” da gaur egun; hots, lanerako gune kreatiboa eta, aldi berean, zorrotza.
Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Igor Campillo, Euskampus Fundazioko zuzendaria, eta Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea, Euskampuseko talde operatiboarekin batera.
Patronatuko kideen atzerabegirakoa eta etorkizuneko ikuspegia
Patronatuko kideak agertokira igo ziren, iragan hamarkadako beren ikuspegia eta etorkizunekoa azaltzera.
Jesús Valero Tecnaliaren zuzendariak, berriro Teseoren itsasontziaren paradoxari helduz, aipatu zuen ontzi hau honaino iritsia dela, eta beste helmuga baterantz nabigatzen jarraituko duela, are urrunago, bat eginda sendotasuna ematen dioten oholez osatuta dagoelako: lehenengo ohola, apustua; bigarrena, lankidetza; eta hirugarrena, konpromisoa.
Ricardo Díez DIPCren zuzendariak Euskampusek bultzatu duen lankidetza espiritua nabarmendu zuen, ikerketa zientifikotik harago doana, eta azpimarratu zuen Euskampusen bertute handienetako bat pertsonen, lantaldeen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzeko eta konplizitateak sortzeko gaitasuna izan dela. Euskampusek konfiantza sortzen du.
Manuel Tunón de Lara Bordeleko Unibertsitatearen errektoreak, bestalde, Euskampusek mugaz gaindiko Euskampus Bdx Campusari eman zion bultzada erabakigarria aipatu zuen; izan ere, Europan ezaugarri horiek dituen campus urrietako bat da, eta bere horretan mantentzen du zientziaren bikaintasunarekiko konpromisoa; proiektu honek itzulezina izan behar du, eta bere ondare komuna transmititzen eta zaintzen jarraitu behar da.
2021-2030 Plan Estrategikoa
Jarraian, Eva Ferreirak plan estrategiko berria aurkeztu zuen, hamarkada honetako iparrorratza. Misioa, Ikuspegia, Oinarri Estrategikoak eta Balioak azaldu zituen, bai eta 2025eko Plan Estrategiko Operatiboa ere, zeinak 6 helburu, 24 jarduera ildo eta 43 jomuga dituen.
Amaiera Jokin Bildarratzekin eta Eva Ferreirarekin
Amaitzeko, Eva Ferreirak aipatu zuenez, “helburu hauek asmo handiko proiektu baten isla dira, baina baita bi unibertsitateek, DIPCk eta Tecnaliak hartu duten konpromisoarena ere. Eta hau publiko egitean, gizartearen aurrean erantzukizun kualifikatu bat hartzen dugu. Espero dugu proiektu honekin konprometitu diren erakundeak hemen egotea lau urte barru, beste deialdi publiko batean, eta euskal gizarteari esan ahal izatea helburuak jada bete direla”.
Patronatuak plan estrategikoa aho batez onartu ondoren, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua mintzatu zen, eta proiektu on baten funtsezko hiru ezaugarriak azpimarratu zituen: “izana”, identitatea; “elkarrekin, edo elkar - ekin”, hau da, lankidetza; eta, azkenik, “jakintza”.
Sailburuak arrakastarako gako hitzak ere aipatu zituen, “bidea” eta “etorkizuna” , zeinak Miryam Artolak ekitaldian zehar egindako graphic recording-ean islatu ziren ; bidea eta etorkizuna, ekitaldi honen eta Euskampusen hamarkadaren eta hurrengoaren zutabe gisa.
Amaitzeko, Kalakan taldeak (ESTEKA ) Artizar (artzainaren izarra) azken diskoko hiru abesti eskaini zizkien bertan bildutakoei: Eguzki Beroa, Piarres Laboraria eta Xoriñoan kaiolan.
Eva Ferreirak akta itxi zuen, bertaratuei eskerrak emanez.
Jarraian, hainbat dokumentu eta material garrantzitsutarako estekak daude:
- 10. urteurrenaren Microsite
- Euskampus 10. urteurrena
- Plan estratégico 2030
- Proiektatutako aurkezpena
- Graphic Recording
- Euskampus 10. urteurrenaren elkarrizketa
- Oihartzuna hedabideetan
Eskerrik asko bertaratuei eta, guztion onerako, lankidetzarako eta elkarrekin sortzeko amets hau gauzatu duten pertsona guztiei.
Gaiari buruzko albisteak
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu