UNESCOk 2015. urtea "Argiaren Nazioarteko Urtea" izendatu ondoren, argiaren zientziak eta haren aplikazioek gizateriarentzat duten garrantzia ezagutarazten jarraitu behar zela ulertu zuen. Hortaz, 2018an, maiatzaren 16a Argiaren Nazioarteko Eguna dekretatu zuen.
Aitorpen horrekin, agerian geratu zen funtsezkoa dela mundu-mailako kontzientzia areagotzea eta zientziaren eta teknologia fotonikoen (argiaren teknologiak) irakaskuntza indartzea, funtsezkoak baitira garapen jasangarrian, energian, osasunean edo komunikazioetan planteatzen diren erronkei aurre egiteko eta, azken batean, gizadiaren bizi-kalitatea hobetzeko.
Oso argi daukagu argirik gabe ez litzatekeela bizitza existituko gure planetan, Lurrean bizi diren espezie guztien bizitzarako eta garapenerako energi iturria baita. Baina, gainera, argiak zientzian, kulturan, artean eta hezkuntzan aurrera egitea ahalbidetzen du.
Fotonika oso presente dago gure bizitzan: esku artean ditugun smartphone-etatik eta Internet bidezko komunikazioak errazten dituen zuntz optikotik, espazio-behaketarako eta unibertsoaren jatorriak aztertzeko tresnak ematen dizkiguten abangoardiako teknologietara arte, horretarako funtsezkoa izan baita. Nanofotonikako, optika kuantikoko edo prozesu ultraazkarren zientziako ikerketa gailu berrien eta funtsezko aurkikuntza berrien garapenaren oinarrian dago, eta aurkikuntza horiek, aldi berean, materiaren osagaien funtzionamendua hobeto ulertzen eta ikerketa-fronte berriak irekitzen laguntzen ari dira. Argia ezagutzaren ikurra da.
Teknologia fotonikoek fabrikazio-metodoak eraldatu dituzte industrian, eta funtsezkoak dira medikuntzan eta osasunean. Azken horretan, argi ultramoreko lanparak esterilizatzeko erabiltzen dira, tresna eta erreminta optikoak diagnostikoetan erabiltzen dira irudiak aztertzeko eta lortzeko, eta, era berean, ebakuntza kirurgikoak erraztu dituzte edo ikusmena hobetzeko teknologiak garatzea ahalbidetu dute. Teknologia fotonikoak funtsezkoak dira genomen sekuentziaziorako ere, hala nola COVID-19 pandemia eragiten duen SARS-CoV-2 birusarena.
Ez da kasualitatea UNESCOk maiatzaren 16a aukeratu izana ospakizun honetarako; izan ere, Theodore Maimanek 1960an eraikitako lehen laserra martxan jarri zeneko urteurrena da.
Teknologia fotonikoek fabrikazio-metodoak eraldatu dituzte industrian, eta funtsezkoak dira medikuntzan eta osasunean.
60 urtetan ikusi dugu argi-iturri artifizial horrek gure bizimodua aldatu duela eta aurrerapen teknologikoak ahalbidetu dituela, lehen imajinatu ere egin ez genituenak edo zientzia-fikzioaren parte zirenak. Baina laserraren sortzea ez zen prozesu laburra izan. Bere izenak dioen bezala (Light Amplification by Stimulated Emission of Radiation), fisika kuantikoaren kontzeptu batean oinarritua dago, erradiazio igorpen estimulatuan hain zuzen ere, Albert Einsteinek 45 urte lehenago sartu zuena. Gaur egun, laserra argia baino askoz gehiago da, argiz egindako tresna oso indartsua eta aldakorra dela esan dezakegu, industrian material metalikoak soldatzea eta moztea, ebakuntza kirurgikoetan giza ehun finak moztea edo laborategian partikula mikroskopikoak, bakterioak edo birusak heldu eta manipulatzea ahalbidetzen duena. Izan ere, hala aitortu zuen Suediako zientzia akademiak 2018an, fisikako Nobel saria emanez laser fisikako aurrerapenei, Arthur Ashkini pintza optikoengatik eta sistema biologikoetan duten aplikazioagatik, eta Gérard Mourou eta Donna Stricklandi intentsitate handiko pultsu optiko ultralaburrak sortzeko metodoagatik. Donna Strickland izan zen sari hau jaso zuen hirugarren emakumea, bigarrenak, Maria Goeppert-Mayerrek, jaso eta 55 urtera.
Laserra adibide ezin hobea da erakusteko oinarrizko aurkikuntza zientifiko batek garapen teknologikoa ahalbidetu duela, eta onura handiak ekarri dizkiola gizarteari osasunean, komunikazioetan eta beste arlo askotan. Fotonikak eta teknologia fotonikoek zuzenean erantzuten diete gizateriaren beharrei, informaziorako sarbidea emanez, garapen iraunkorra sustatuz eta gizateriaren ongizatea areagotuz.
Euskampuseko FOTONIKA komunitateak fotonikaren arloan lan egiten duten UPV/EHUko eta Euskadiko ikerketa eta garapen teknologikoko zentroetako profesionalak biltzen ditu. Haren helburua da bikaintasuna sustatzea fotonikarekin zerikusia duten hainbat arlotan, eta erronka globalei eta sozialei erantzuten laguntzea, elkarlanean arituz eta munduko ahalegin kolektiboari lagunduz, datozen urteetako gizadiaren erronkei erantzuna emango dieten zientzia eta teknologia fotonikoak garatzeko. Ildo horretan, nazioarteko lankidetza hobetzearen alde egiten du, batez ere Bordeleko Unibertsitatearekin eta bertako kideekin. Era berean, badaki fotonikak eragina duela RIS3 Euskadiren hainbat lehentasunetan, eta beharrezkoa dela Euskadin pertsonak prestatzea eta gaitzea arlo horretako adituak izateko.
Gaiari buruzko albisteak
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu