Otsailaren 12an Biarritzen egin da Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien LTC Sarearen 2024ko lehen topaketa.
Cristina Uriarte, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua eta Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria izan dira topaketako buru, eta bertan izan dira Inmaculada Arostegi UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea eta Laurent Servant Bordeleko Unibertsitateko (UB) Nazioarteko Sareen errektoreordea. Sareak gaur egun 7 LTC eta 11 LTC incubator ditu, guztira 400 ikertzaile baino gehiago izanik; horietatik 100 baino gehiago bildu dira gaur Biarritzen.
Cristina Uriartek eman dio hasiera jardunaldiari; bere hitzetan, LTC programa bat dator Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin, eta horregatik egiten da hainbeste ahalegin Jaurlaritzatik unibertsitate programa hori indartzeko. “LTCak talentu inkubagailu espezializatuak dira” aipatu du Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak, eta doktoregaien garrantzia oso handia eta funtsezkoa dela nabarmendu du, mugaren bi aldeetako lantalde eta laborategien arteko lotune diren aldetik.
Komunitate horretan ikertzaile gazteak egotea programaren bereizgarria da, izan ere, besteak beste, masterrekin zubi-lanak egitea ahalbidetzen baitu LTCei eta LTC incubatorrei dagozkien esparruetan; ikerketaren mundura hurbiltzen hasteko bidea izan daitezke. Igor Campillo, Euskampus Fundazioaren zuzendariak LTC programaren aurkezpena egin du, labur-labur, eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak bi aldiz eman nahi dizkiola adierazi du, alde batetik, ekimena abiarazteko eman duen laguntzagatik eta, bestetik, Euskampus Fundazioaren esku utzi duelako ekimena kudeatzeko ardura.
LTCetako ikertzaile nagusiek ikerketa lerro nagusiak deskribatu dituzte, orain arte zer lorpen egin dituzten aipatu, eta mugaz gaindiko laborategi bakoitzaren esparruan zer urrats egitea aurreikusi duten azaldu dute. Aurkezpenei dagokienez, 2023an hautatu berri den LTC AquEus izan da lehena (Bizkaiko Golkoan mikro eta nanoplastikoek, bioplastikoak barne, izan ditzaketen ingurumen arriskuak aztertzen ditu); gero, LTC Translight (Fotonikari buruzkoa), CoMorPD (komorbilitate ez-motorrak aztertzen ditu Parkinson gaixotasunean), Green Concrete (zementu oinarri jasangarriko material konposatuekin lotutakoa), Aenigme (Akitania Euskadi Sarea Fabrikazio Berdean eta Ekodiseinuan) aurkeztu dituzte, eta, bukatzeko, QuantumChemPhys, eskala kuantikoan ikerketa kimiko eta fisikoa lantzen duena.
LTC laborategiak Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren proiekturik enblematikoenetako bat dira; hormarik gabeko laborategiak dira, 2015. urteaz geroztik sortzen ari direnak UPV/EHUren eta UBren laguntzari esker, betiere Euskampus Fundazioak koordinatuta. Mugaz gaindiko elkarlanei egonkortasuna ematea da hasierako helburua; horretarako, doktorego aurreko kontratu bat, doktorego ondoko kontratu bat eta gastu arruntetarako finantzaketa eskaintzen dituzte, 4 urterako. Laborategiak ikerketa-programa komun batean zentratzen dira; programa horretan, UPV/EHUko, Tecnaliako eta Bordeleko Unibertsitateko lantaldeek eta haien bazkideek parte hartzen dute, dauden baliabideen trukea sustatuz, bai giza baliabideena, bai ekipoena eta kostuena. Eusko Jaurlaritzaren ekarpenari esker (2 milioi euro 2021-2024 aldirako), LTC Sarea ekimena abiarazi ahal izan da.
Prestakuntzaren, ikerketaren, transferentziaren eta LTCen nazioartekotzearen inguruko lan-agenda hedatzen laguntzeaz gain, LTC Incubator tresnaren bidez, mugaren bi aldeetako ikerketa-taldeei laguntzea ahalbidetu da, baldin eta modu estrategikoan LTC bat sortu nahi badute edota beren lankidetza-proiektuak garatzeko dauden LTCen dinamikarekin bat egin nahi badute. Horri esker, gaur egun 11 LTC incubator daude arlo hauetan: osasuna, fabrikazio aurreratua, energia berriztagarriak, biomaterialak, antibiotikoekiko ingurumen-erresistentzia, bioingeniaritza, arkeologia, bio-nutrizioa eta gizarte-zientziak. 11 LTC Incubator horietatik lau ere aurkeztu dira.
Aurkezpenekin amaituta, bi unibertsitateetako errektoreordeen txanda izan da. UBko errektoreorde Laurent Servantek aitortu du harrituta geratu dela, berriro ere, aurkeztutako emaitzak ikusita, eta LTC formulari esker, nazioarteko asmo handiko programetan lankidetzan aritzeko modu berriak, metodoak eta programak esperimentatzeko aukera dutela adierazi du, hala nola ENLIGHT Europako Unibertsitatean, non UPV/EHU eta UB unibertsitateez gain, beste 8 unibertsitate ere diren partaide.
Inma Arosteguik programaren trakzio-ahalmena nabarmendu du, bi unibertsitateen arteko lankidetzarako eta haien nazioarteko proiekziorako. Esan duenez, “aukera berriak eskaintzen dizkie ikertzaileei, esparru egonkor bat, nazioarteko ikusgaitasuna eta kanpo-finantzaketa lortzeko bidea” jartzen baitizkie eskura. Goiz osoan hitz egin duten guztiek esandakoaren ildoari jarraikiz, bere hitzetan “LTC laborategiak ingurune ideala dira gazteentzat”, eta ingurune hori gauzatzeko LTCak masterretan, udako ikastaroetan edo PhDetan inplikatzen dituzte.
“Askatasuna, konfiantza eta epe luzea dira zientzia ona egiteko funtsezko osagaiak” gogorarazi du Adolfo Moraisek, Pedro Miguel Etxenike euskal fisikariaren hitzak aipatuz; “LTC Sarea programak eskaintzen dituen osagaiak dira horiek” nabarmendu du jarraian. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak eman dio amaiera ekitaldiari, eta bertan bildutako ikertzaileen mugaz gaindiko komunitatearen aurrean adierazi du erakundeek LTC Sarea programaren alde egiten jarraitu behar dutela, epe luzeko ikuspegia duen programa den aldetik, funtsezkoa baita gizartean inpaktua izateko eta emaitzak lortzeko.
Jarraian, 21 poster zientifiko izan dira, eta LTC laborategietan sortu diren ikerketa-proiektu espezifikoetan, doktorego-tesietan eta prestakuntza-programetan sakondu ahal izan dute bertaratuek.
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu