• Albisteak

UPV/EHUk eta TECNALIAk 2018ko balantzea eta 2019rako erronkak aurkeztu dituzte

TECNALIA eta UPV/EHU: 50 ikerketa-proiektu baino gehiago elkarrekin

UPV/EHU eta TECNALIA Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroak, beren lankidetzan beste aurrerapauso bat eginez, zenbait proiektu landu dituzte 2019ra begira, hala nola laborategi berriak sortzea, teknologia-ikasgelak irekitzea eta nazioarteko proiektuetan lankidetza indartzeko tresna bat aktibatzea. Asmo horrek jarraipena ematen dio 2018an egindako lanari. “Oso urte emankorra izan da, eta elkarrekin egindako lanaren emaitzak hobetuz joan dira urtez urte”, baieztatu dute gaur goizean Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOak, elkarlanaren balantzea eta aurrera begirako erronkak aurkezteko ekitaldian.

Aurreko ekitaldian, 50 ikerketa-proiektutan baino gehiagotan parte hartu dute biek, eta gutxi gorabehera 9 milioi euroko aurrekontua erabili dute bien artean. Horrez gainera, 6 patente eskatu eta 116 argitalpen egin dituzte elkarrekin, eta 86 doktoretza-tesi prestatzen ari dira zuzendaritzakidetzan. Datu horiek esan nahi dute TECNALIAk % 10 handitu duela (2017ko datuekin alderatuta) ekoizpen zientifikoa, UPV/EHUrekiko lankidetzari esker. 2019an % 10 gehiago handitzea da helburua.

Erakunde bien artean zenbait urtetik hona izan den lankidetzaren ondorio dira emaitza horiek, eta esan behar da lankidetza hori asko indartu eta sendotu dela Euskampus Bikaintasunaren Nazioarteko Campusa garatu zenetik.

Lankidetzaren beste helburuetako bat da hezkuntza-eremu berriak sortzea, hala nola Bordeleko Unibertsitatearekiko Mugaz Gaindiko Campusa, TECNALIA teknologia-ikasgelak edo elkarren arteko ikerketa-laborategiak. TECNALIAko CEO Iñaki San Sebastianen ustez, "Tecnaliak erlazio bikaina dauka Bordeleko Unibertsitatearekin, Euskampusen bidez eta bere partaidetza Europa eskualdeko Campuseako partaidetzaren medio".

2019ko erronkei dagokienez, nabarmendu behar da martxan jarri nahi dela EUSKAMPUS Joint Research Unit, nazioarteko proiektuetan lankidetza sustatzeko tresna. Europar Batasuneko ikerkuntza programetako elkarlaneko baliabide honek, erakundeei entitate bakarra balira bezala jokatzeko aukera emango die.

 

Irakurri berri osoa UPV/EHUko web gunean.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.