Euskampus Fundazioa 2011n sortu zen, Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren (NBC) proiektuari lotuta. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea izan zen egitasmo horren buru, beste bi erakunderekin batera: Donostia International Physics Center (DIPC) eta Tecnalia Korporazioa. Hiru erakundeok, nor bere egitekoarekin, bat egin zuten proiektu berri batean, martxan jartzeko gure herria xede zuten eta nazioartean kokatuko gintuzten lankidetza dinamikak. Euskampus Fundazioa katalizatzaile gisa sortu zen, agregazio instituzionaleko prozesu hori bultzatzeko, eta tresna operatibo modura, Nazioarteko Bikaintasun Campusa kudeatu eta gobernatzeko.
Bestetik, Euskampus Fundazioak bultzada eman zion Euskampus NBC egitasmoa eratzen zuen jarduera egituraren sozializazio prozesuari, gure irakasleen, ikerlarien eta ikasleen artean. Euskampusen garapenari esker, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Nazioarteko Bikaintasun Campus izendatu du UPV/EHU; gero eta zeregin garrantzitsuagoa dugu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman –erabakigarriak gara RIS3 Estrategiaren garapenean–; diziplina arteko lankidetza dinamikak baliatzen ditugu, aitzindariak direnak Jakintza Guneetan; eta, azkenik, aliantza egonkor eta ereduzko bat egin dugu Bordeleko Unibertsitatearekin, indartu egingo duena atzerrian dugun proiekzioa.
Euskampus NBCren etapa arrakastaz burutu ondoren, patronatuan gauden erakundeok erabaki dugu beste urrats bat egitea eta geure konpromisoa berritzea. Gainera, Bordeleko Unibertsitatea patronatuan sartzeak nazioarteko entitate bihurtzen gaitu, indartu egiten du bi unibertsitateek Euskampus NBC proiektuaren baitan duten aliantza, eta biderkatu egiten ditu EAEk Akitania Berriarekin elkarlanean aritzeko aukerak. Horrela, Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko campusak eredu izan nahi du nazioarteko lankidetzan Europako Unibertsitate eta Ikerketa Eremuan.
Uste dugu gaur gaurkoz Euskampus Fundazioak sortu zenean bezain garrantzitsua –edo garrantzitsuagoa– izaten jarraitzen duela. Bost urte ez dira aski agregazio instituzional batek dakarren transformazio konplexua burutzeko, finkatu eta sendotu egin behar baitira lurraldeko eragile askotarikoen partaidetzara bideratutako diziplina arteko eta diziplinaz gaindiko prozedurak. Beraz, epe luzerako planteamendu bat egin behar dugu, desberdinak diren egiturak eta metodologiak lerrokatzeko; azken batean, antolakuntza eta kultura dibertsitatearen aberastasuna kudeatzeko.
Euskampus Fundazioak lidergo-kidetasunean oinarritzen den harreman eredu bat ematen digu, gure gizarteak dituen desafio handiei aurre egiteko, bat eginez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako gainerako agenteekin. Estrategia horretan, irabazlea ez da bakarrik gutako bakoitza, Euskampus Fundazioko kideok. Horrenbestez, ez gara win-win planteamendu batez ari, non inplikatutako eragile guztiek irabazten duten. Aitzitik, hori baino askoz gehiago da: gure herriak bere osotasunean irabazten du, partekatzeak oparotasuna sortzen baitu, gure unibertsitate proiektuaren filosofiarekin lotura estua duen oparotasuna, ezin hobeki laburbilduta dagoena gure leman: eman ta zabal zazu.
Gaiari buruzko albisteak
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu